MAISUEN ARTEKO
ELGOIBARKO NAZIOARTEKO XXIII. XAKE TXAPELKETA.
(SUSTAPENERAKO
TXAPELKETA).
(2013ko
abenduaren 15etik 21era, Elgoibarren).
DANIEL ALSINA LEAL (2.542),
LEHENENGOA 6’5 PUNTUZ: GARAIPENEN BIDEAN SARTUTA.
Daniel Alsina Leal
Bartzelonan jaio zen 1988ko maiatzaren 10ean. 25 urte ditu.
Miguel Illescas Xake
Eskolan ikasle nabarmena izan zen. Urte honetako martxoaren 30ean Donostia
Hiria Nazioarteko XXXVI. Xake Torneo Irekia irabazi zuen.
Elgoibarren 4 garaipen
eta 5 berdinketa lortu zituen. Gustavo Barrenetxea eta Angel Arribas gainditu
zituen hirugarren eta laugarren txandetan. Azkeneko txanpan bere garaipena
ziurtatu zuen, Alejandro Franco (zazpigarrenean) eta Oleg Romanishin (azkenekoan)
garaituta.
10’9 puntutan hobetu zuen
bere eloa. Bere xake ibilbideko unerik gozoenean dago.
CRISTHIAN CRUZ (2.549), BIGARRENA 6
PUNTUZ: GORUNTZ DOAN GAZTEA.
Cristhian Cruz perutarra
faborito nagusia zen eta torneo osoan sailkapeneko lehenengo postuetan ibili
zen. 21 urte bete ditu 2013an.
5’1 puntutan hobetu zuen
bere eloa, orain arteko bere sabaia izanen dena. Horretarako, 3 garaipen eta 6
berdinketa eskuratu zituen. Gustavo Barrenetxea, Angel Arribas eta Aleksa
Strikovic garaitu zituen. Hala ere, Daniel Alsinaren eraginkortasuna ez zuen
berdindu.
TANGUY RINGOIR (2.506), HIRUGARRENA
5’5 PUNTUZ: GAZTEENAK GALDU GABE BUKATU ZUEN.
2012ko eta 2013ko
Belgikako txapeldunak 19 urte ditu soilik. Eloko 5’6 puntu irabazi zituen
Elgoibarren. Gora eta gora doan gaztea da, baina azaroan 2.514 puntuz izan zuen
bere unerik onena.
Bi garaipen eta 7
berdinketa egin zituen. Alejandro Francori eta Gustavo Barrenetxeari irabazi
zien. Azkeneko txanpan ez zuen erakutsi Daniel Alsinaren indar hori.
DRAGAN PAUNOVIC (2.500), LAUGARRENA
5’5 PUNTUZ: BETERANO HONEK ERE GALDU GABE AMAITU ZUEN.
Maisu Handi serbiarrak 52
urte ditu. 2.559 puntuz zebilen 2010eko irailean. Euskal Herrian nahiko arituta
den xakelaria dugu.
6’5 puntuz hobetu zuen
bere eloa, 2 garaipen eta 7 berdinketa egin ondoren. Laster jarri zen buruan
Gustavo Barrenetxea eta Angel Arribas bigarren eta hirugarren txandetan
gaindituta. Gero, ez zuen aukerarik aurkitu sailkapena hobetzeko eta berdindu
egin zuen azkeneko 6 partidetan.
ALEKSA STRIKOVIC (2.529), BOSGARRENA
5 PUNTUZ: CRISTHIAN
CRUZEK KOLPEA EMAN ZION.
Serbiar hau ere nahiko
ezaguna da Euskal Herrian. Honek ere 52 urte ditu. 2.573 puntu izan zituen
2011ko uztailean. 2’3 puntu galdu zituen Elgoibarren.
Lehenengo zazpi txandetan
2 garaipen pilatu zituen (David Astasio eta Gustavo Barrenetxea Euskal Herriko
xakelarien aurka). Zortzigarrenean titulurako lehian sartuta zegoen, Cristhian
Cruz perutarra aurrez aurre zuenean. Partida hori, ordea, galdu egin zuen eta
zertxobait atzeratuta geratu zen sailkapenean.
DAVID ASTASIO LOPEZ (2.397),
SEIGARRENA 4’5 PUNTUZ: NAZIOARTEKO MAISU IZATEKO NORMA IZAN ZUEN SARI.
Torneo gogoangarria egin
zuen 26 urteko arabarrak. Ondorioa: Nazioarteko Maisu izateko normaren jabe
amaitu zuen.
10 puntutan hobetu zuen
eloa. Euskal Herriko lehenengo jokalaria izan zen. Hala ere, Alejandro Francok
galarazi zion lana biribiltzea azkeneko txandan nagusituta. Aurretik, bigarren
txandan, Aleksa Strikovicen aurka galdu zuen. Oleg Romanishin eta Gustavo
Barrenetxea izan ziren berak garaitutakoak.
ALEJANDRO FRANCO ALONSO (2.485),
ZAZPIGARRENA 4 PUNTUZ: HIRU PARTIDA JARRAIAN GALDU ZITUEN.
Gipuzkoan bizi den
madrildar honek 31 urte egin ditu 2013an. Ez zuen torneo ona egin eta 6’5 puntu
galdu zituen eloan. Eskerrak azkeneko partidan David Astasio gainditu zuen!
Hasi ere ondo hasi zuen,
Angel Arribasi irabazita. Seigarren txandan, ordea, bere gurutzebidea abiatu
zuen. Hiru partida jarraian galdu zituen, Tanguy Ringoir, Gustavo Barrenetxea
eta Daniel Alsinaren aurka.
Oroitzapen ona ez dio
ekarriko torneo honek, baina beti izan da ongi aritu.
OLEG M. ROMANISHIN (2.495),
ZORTZIGARRENA 3’5 PUNTUZ: TORNEO ESKASA EGIN ZUEN.
61 urterekin xakelaririk
beteranoena zen jokalari ukraniar hau. Gaizki hasi zuen torneoa eta era berean
amaitu. Bosgarren txandan, Elgoibarko Gustavo Barrenetxearen aurka lortu zuen
garaipena. Gainontzeko txandetan, berdinketak eta porrotak pilatu zituen. David
Astasio, Angel Arribas eta Daniel Alsina izan ziren bere borreroak.
Ondorioa: 12’5 puntu
galdu zuen eloan.
ANGEL ARRIBAS LOPEZ (2.488),
BEDERATZIGARRENA 3 PUNTUZ: ELO GEHIEN GALDU ZUENA.
20 urte egin ditu 2013.
urtean espainiar honek. Gehiago espero zen berarengandik baina, agian,
eskarmentu falta nabaritu zuen. Eloan 16’6 puntu galduta, balantzerik txarrena
eraman zuen etxera.
Lehenengo 4 partida galdu
zituen eta zama horrekin aritu behar izan zuen gero. Hurrengo bost partidetan,
garaipen bat (Oleg Romanishinen aurka) eta lau berdinketa egin zituen.
Alejandro Franco, Cristhian Cruz, Dragan Paunovic eta Daniel Alsina izan ziren
hasiera txar horren erantzuleak.
GUSTAVO BARRENETXEA BAHAMONDE
(2.221), HAMARGARRENA 1’5 PUNTUZ: AUSARTA IZAN ZEN ETA ELOA MANTENDU ZUEN.
42 urteko elgoibartar hau
oso ausarta izan zen torneo honek suposatzen zuen erronka onartzean. Eloan
hurbilen zuen jokalaria (David Astasio) 178 puntura zuen eta hurrengoa
(Alejandro Franco) 264 puntura.
Musikaria da bere
lanbidea eta Sevillan bizi da orain dela 20 urtez geroztik. Zaleak berekin izan
zituen baina, hala ere, lehenengo zazpi partidak galdu zituen. Hondamendia
saihestea erdietsi zuen, ordea. Zortzigarren txandan Alejandro Franco gainditu
zuen (honen zoritxarrerako). Azkeneko txandan ere puntuatu zuen (berdinketa
Angel Arribasen aurka).
Oso txapelketa txukuna ez
zuen egin, baina duina izan zen balantzea: Eloko 0’3 puntu galdu zituen.
2013-12-21.
Iturria:
“http://chess-results.com/tnr119137.aspx?lan=2&art=2&turdet=YES&flag=30&wi=821”
webgunea.